top of page

Arabako lautada gobernatzen zuen muino txikiaren gainean Gasteiz izeneko herrixka zegoen aspaldi, XII mendearen amaieran.

​

1181. urtean, Nafarroako Antxo VI. 'Jakituna' erregeak, Gaztelarekin zituen etengabeko liskarretan muino horrek zuen kokapen estrategikoaz konturaturik, Gasteizera abiatu zen eta populazio forua eman zion, Nafarroako Erresumarentzat hartuz. Nueva Victoria izena eman zion.

​

Nafarren botere ekonomikoari esker herrixka hiri bihurtu zen, lehenengo hiru kaleak eraiki zirelarik: Santa Maria, Fray Zacarías eta Eskolak kaleak.

​

Antxo Jakituna Nafarroatik kanpo gudan zegoela aprobetxatuz, Gaztelako erregeak Gasteiz inguratzea agindu zuen 1199. urtean. Gaztelako soldaduek, Aragoiko erregearen laguntzaz, zazpi hilabete luzez setiatu zuten hiria, gasteiztarren egoera jasan ezina izan zen arte. Antxo VI.ren mezularien baimenaz, 1200. urtean amore eman zuen Gasteizek, eta Gaztelako koroaren menpe erori zen.

​

Gaztelarrek hiria eskuratzetik bi urtera izugarrizko sutea piztu zen Gasteizen, garaiko hiri gehienak bezala zurezko arkitekturan oinarrituta zegoelarik. Berreraikuntza luze eta neketsu baten ostean, hasierako hiru kaleei beste hiru gehitu zitzaizkien mendebaldetik, Zapardielen ibaiertzeraino: Correría (Hedegile), Zapatería (Zapatagile) eta Herrería (Erremintari).​

​

XIII. mendeak aurrera egin ahala, hiriak bigarren zabalkundea izan zuen, oraingoan Gaztelako Alfontso X. erregearen menpe. Eguzkialderantz beste hiru kale bota ziren: Cuchillería (Aiztogile), Pintorería (Pintore) eta garai hartan Juderia zena, Errege Katolikoek juduak Espainiatik bota zituzten arte. Geroztik Nueva Dentro izena hartu zuen kaleak.

​

Bederatzi kale horiek osatu zuten Gasteizko hiriaren osotasuna urte askotan zehar, gaur egun hiriko auzoak direnak herri eta herrixkak bait ziren, Gasteizko parte gisa hartzen ez zirenak.

​

XVIII. mendearen amaieran, hazkunde demografikoak hiriaren zabalkuntza behartu zuen: Zabalgunearen sorrera heldu zen eta harekin, almendrak Gasteiz izateari utzi eta Alde Zaharra izatera pasa zen.

​

Historia

  • w-facebook
  • w-twitter
  • w-googleplus

​© Copyright 2023 Real Estate Co. No animals were harmed in the making.

bottom of page